El Correo
Athletic Club

athletic

Xaviren begirunea

Xavi, bandera zurigorri batekin.
Xavi, bandera zurigorri batekin.
  • Bartzelonako mitoak Athleticen miresle dela adierazi du, eta honela, talde zurigorriak oraindik ere futbolari handien artean xarma handia daukala berretsi du

Funtsezko futbolarien artean Athletic eredu nagusia dela dirudi. Agian, egun bateko kirola gogorarazten duelako. Dena purua, garbia zen garaiaren enbaxadore baita. Globalizazioaren bazterrean hazten jarraitu den taldea. Bartzelona eta mundu mailan mito bihurtu den Xavik adeitasunez hitz egin du Bizkaiko taldeari buruz, eta bertan jokatzeko aukera ez izatea deitoratu zuen. Nostalgia apur bat bazegoen bere hitzetan, eta era berean, Athleticen meritua aitortzeko nahia. Baina Bartzelonako kapitainak esandako hitzak ez dira futbolari handi baten lehenak.

"Bai tamalgarria Athleticen pare bat urte jokatu ahal ez izatea!", esan zuen Xavik elkarrizketa batean. Ezaguna da historian zehar izandako erdilaririk onenetarikoak Athletic eta San Mamesengan duen begirunea, baina ez zuen inoiz halako adierazpenik azaldu. Bere begi-keinua eskertzekoa izan da Athleticeko zaleentzat, bere handitasuna zabaltzeko lagungarria izan baita euren ustetan. Futbolari beteranoak, bestalde, Pep Guardiola eta beste kirolari distiratsuen lekukoa hartu du azken egunetan.

Bayerneko entrenatzaileak, adibidez, ez du inoiz Athletic zuzentzeko tentaldia ezkutatu, nahiz eta beti izen handiko taldeekin sinatu izan duen. "Athleticen fan handia naiz", esan zuen behin Guardiolak. Izan ere, zurigorriek bakarrik etxeko edo euskaldunekin jokatzeko erabakia goresgarria iruditzen zaio. Estima handian izan du bere jarduera profesionalean zehar, bai jokalari eta bai teknikaria izan denean. Egunen batean San Mameseko taldea zuzentzeko aukera ez du inoiz baztertu, bere fitxaketa oraintxe bertan ezinezkoa izango litzatekeen arren.

Gutxik gaitzetsi dute Athleticen aulkian esertzeko aukera, talde berezi hau gidatzeak xarma baitu entrenatzaile onenen artean. Jupp Heynckes, Valverde, Bielsa eta abar luze amaigabe batek baiezkoa eman dio Ibaiganeko erakundeari. Erronka handia da handienen artean anakronikoa dirudien eredu bat bultzatzea, eta hori, antzineko futbola goraipatzeaz gain, oso erakargarria da zenbait profesionalentzat.

Baina agian adibiderik adierazgarriena Diego Forlánena da. Izar uruguaitarrak Fergusoni eskatu zion Athleticera saltzea. Bere amona euskalduna zen, donostiarra hain zuzen, eta zurigorrien filosofia ezagututa, talde honetan jokatzea bihurtu zen bere xedea, aldi batean bederen. "Espainiako ligan jokatu nahiko nuke, Athleticen hain zuzen ere", esan zion aurrelariak bere entrenatzaile ohiari. Azkenean, ordea, ez zen kontakturik egon konponbide bat aurkitzeko. Forlánek Villarreal taldean aurkitu zuen bere etorkizun liluragarria, eta Atléticora joan zen ostean. Hori bai, Athleticen lurrina bizirik jarraitzen zuela garbi utzi zuen bere keinuarekin.