El Correo
Athletic Club

AHTLETIC

Gurpegui, zurigorri leialaren eredua

Carlos Gurpegui eta Iker Muniain.
Carlos Gurpegui eta Iker Muniain. / EFE
  • Beste denboraldi batez jokatuko du kapitainak Athleticen, eta aldagelako sinbolorik handiena bihurtuko da honela

Josu Urrutiak 'One Club Man' saria aurkeztu zuenean, Athleticeko jokalariak ezin izango zirela hautatu adierazi zuen. Matt Le Tissier izan zen lehenengo sariduna, dirua baztertu zuen aurrelaria handia. Hurrengoek listoi altua izango dute, nahiz eta badauden zenbait eredu handi. Franco Baresi, Paolo Maldini, Francesco Totti (oraingoz behintzat)... Baina Athleticek egun hauetan aurkitu du bere filosofia hoberen defendatzen duen irudia. Carlos Gurpegui kapitainak beste urtebetez jantziko du elastiko zurigorria, eta ia 36 urterekin amaituko du bere ibilaldia.

Nahiz eta atzelari eta erdilari nafarra hain goi mailako futbolariekin alderatzea gehiegizkoa suertatzen den, Athleticen pasa du ia bere bizitzaren erdia, eta jasan dituen arazoak ez daude beste askoren curriculumean. Etenaldi luzeak, kirol-zigorrak edota lesioak zirela eta, bolada txarrak, bere taldeak jaitsierako postuetik ateratzeko borroka egiten zuenean, berriz altxatzea, Kopa eta Europa Leagueko finaletara iristea... Andoni Iraolak bere agurra aurkeztu ostean, Gurpegui da orain talde zurigorriaren eredurik argi eta handiena.

Ez dira oso ugariak gaur egun Gurpeguik hartutako erabakia jarraitzen duten jokalariak. Steven Gerrard, Xavi eta beste zenbait mitok ere, AEB edota Ekialde Hurbileko ligetan euren ibilbideak bukatzeko aukera gertu daukatela dirudi. Proiektu berriak hastea betiko taldean jarraitzea bezain errespetagarria da. Athleticek, hori bai, bere jokalaririk enblematikoarekin jarraituko du. Urtebete gehiagoz bederen.